Sarrera
Aurrean daukagun artelana Tahüll-eko San
Climenteko absidean kokatzen den Pantokrator baten margolana da. Erromaniko
estilokoa eta 1125. urte aldera eginikoa.
Freskoan eginiko pintura bat da, hormaren gainean, elizaren absidean. Pantokrator bat irudikatuta dago,
mandorlaren barruan, alfa eta omega letra grekoen artean. Alboetan lau
ebanjelariak ditu.
Elementu formalak
Freskoan eginiko pintura, geruza batez
eginda dagoenez, ehundura leuna
dauka, hormaren estukoarekin erabat integratuta.
Marrazkia lerro lodi eta ilun batez egina dago, oso nabarmena, irudi guztiak
inguratzen dituena (ingeradak).
Modelatua
laua
da, ez du bolumenik erakusten, eta argia irudikatzen ez denez argi-ilunik gabekoa da. Bai aurpegiaren hazpegiak, ilea, baita
anatomiaren parteak eta jantzien tolesdurak ere, estilizatuak daude, lerroen
bitartez bakarrik adierazita. Tolesdurak, adibidez, simetrikoak eta “V”
itxurakoak dira, naturaltasun gabekoak erabat.
Kolore
distiratsuak eta garbiak erabili dira, ñabardurarik gabekoak,
kolore-mantxa edo orban handietan:
urdina, gorria, beltza eta zuria, besteak beste. Arte-lan honetan kolore hotzak nabarmentzen dira, urdina
konkretuki, hauek irudi jainkotiarrekin lotzen baitira, beroak gizatiarrentzat
utziz.
Perspektibarik
ez dago
ez baita espazioa irudikatzen eta hondoa kolore orban batez, bakarrik, erabat
irreala.
Konposizioa Kristoren
inguruan antolatzen da eta erabat simetrikoa
da. Aurpegian, begiak oso handiak eta espresiorik gabeak dira, bekainen
lerroak sudurrari lotzen dira aurpegia erditik banatuz eta bibote eta
bizarraren lerroak, ahoaren inguruan, ilearen forma geometrizatuak errepikatzen
dituzte. Gorputza ere simetrikoa da, baita hankak irudikatzerakoan ere.
Inguruko ebanjelariak eskema berberari jarraitzen diote. Konposizio simetriko
honek irudiak geldirik aurkezten ditu: hieratikoak
eta zurrunak, mugimendurik gabe.
Elementu ez formalak
Adierazpen modua figuratiboa da, oso idealizatua,
non bai aurpegiak, baita gorputzen anatomiak ere errepikatzen dira irudi
guztietan.
Espresio elementuak hieratikotasuna eta zurruntasuna
izango dira, irudien konposizio simetriko eta orekatuaren bitartez lortua.
Irudi
hieratiko eta zurrunen bitartez aldaezintasuna,
hots, denbora-eza adierazten baita.
Ikonografia eta bere
funtzioa
Hemen irudikatzen den gaia Pantokratorra da, hots, Kristo epailea,
ahalguztiduna, eserita argi koroarekin
buruaren inguruan, esku batean lege-liburua darama non “ego sum lux mundi” ( ni naiz munduaren argia) idatzita agertzen den
eta beste eskuarekin bedeinkatzen dago. Mandorla
mistiko batez inguratuta dago, alfabeto grekoaren lehenengo eta azkenengo
letren artean (alfa eta omega) gauza guztien
hasiera eta bukaera sinbolizatuz.
Pantokratorraren lau ertzetan lau ebanjelariak daude, aingeru bezala
irudikatuta eta, ondoan tetramorfos moduan irudikatuta ere.
Fededuna hunkitu eta ikasbide bat komunikatu nahi
zioten.
Aurrekariak eta
testuinguru artistikoa
Aurrekarien artean Paleokristaua eta
Bizantziarra aipatu behar ditugu, Pantokrator bezalako irudiak Kristautasunaren
ikur bilakatuz.
Arte Erromanikoa mendebal kulturaren
lehenengo nazioarteko estiloa izango da, kristautasunaren batasuna adieraziz.
Arlo horretan gehien aritu zena Cluny-ko
ordena beneditarra izan zen, erritoak batuz, erromesaldi handiak bultzatu
zituzten, Konpostelako Santiagora horien artean. Errito eta gurtza bateratuen ikurra eliza eta monasterio berriak
ziren eta euren programa ikonografikoak
bateratuak ziren ere. Arte-lan asko egin ziren garai hartan artisau talde mugikorrei esker, estilo
berria eurekin eramanez, eraikuntza batetik bestera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.