miércoles, 30 de octubre de 2013

ARTE ERROMANIKOA: APUNTEAK


ARTE ERROMANIKOA:

Testuingurua eta arkitektura(liburuan 105-117)

1-TESTU INGURU HISTORIKOA

– Kronologikoki X. mende bukaeratik XII mende hasiera arte. Herrialdearen arabera desberdina

izan daiteke.

– Arte erromanikoak hiru fase edo aldi ditu:

      1.fasea: Lehenengo erromanikoa edo erromanikoaren hastapenak X-XI mende bitartean (975-1075). Arkitekturan soilik ematen da. Lehenengo erromanikoan ez dago eskultura eta pinturarik. Borgoñan, Normandian, Italia iparraldean eta Katalunian garatutako eskolak.

      2.fasea: Erromaniko betea (Románico pleno) XI.-XII. mende bitartean (1075-1150). Europa osoan garatu zen

      3.fasea: Erromaniko berantiarra XII.-XIII. mende bitartean (1175-1225)

Fase hauek ez dira berdinak herrialde guztietan. Batasun edo homogeneotasun bat dago baina baita aniztasun handia ere.

– Arte erromanikoa ia Europa osoan eman zen: Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Iberiar Penintsula,...

2-EUROPAKO BATASUN KULTURAL ETA ARTISTIKOA XI.-XII. mendeetan

Europan lehenengo aldiz mugimendu artistiko bateratu bat dago erromatar inperioa desegin zenetik. Hau batzen dituena kristautasuna da.

– Arte erromanikoak izaera erlijiosoa du eta eraikuntza hauek elizaren beharrak asetzen ditu.

– Arte erromanikoa Europan hedatzeko zenbait faktore eman ziren:

1) Klunitarren ordena

2) Batasun liturgikoa

3) Erromesaldia eta gurutzadak

Europan garatu zen arte erromanikoa XI eta XII. mendeetan Erdi Aroko gizarteari lotuta dago. Gizarte feudala zen garai hartako gizarte mota: Feudalismoa. Oinordekotzan harturiko eskubideetan (lur-eremu handien jabetza, jopuen bizitza eta lana erabakitzeko ahalmena) oinarrituriko instituzio aristokratiko honen arrimuan, berealdiko indarra hartu zuten nobleek errege botere gero eta ahulagoaren aurrean. Horren ondorioz, biziki azkartu zen nekazari-giroa hiriaren kaltetan eta arraz ahuldu zen aurrerakuntza eta lehiarako gogoa. Balio zurrun, higiezin eta eztabaidaezin batzuei eustearren, forma era berean zurrunak eta betierekoan baliotsuak bideratu ziren. Egoera honen erantzule handia izan zen Eliza. Izan ere, Cluny-ko monasterio-sistemaren garapenari berealdiko bultzaka emanez, une oro defendatu zuen espirituaren nagusitasuna munduko beste ezeren gainetik, bai eta kultura, arte eta zientzia haren menpean egon behar zutelakoa ere.

Norbanakoaren aurkakoa da funtsean kultura feudala, haren araberako pribilegioak ez baitira norberaren ekimen edo gaitasunaren ondorioa, baizik eta, inor halako etxean sortua delarik haren oinordekoa delako, estamentu jakin bateko kidea izatearen ondorioak. Estatus horren alde azaldu ziren une oro pribilegiatuak, euskarria eskaintzen zion gizarte sistema hura eztabaidaezina zelakoan. Halatan, behin eta berriro errepikatu zituzten artean ere forma homogeneo eta estereotipatu berberak.

Erromanikoa Europan lehenengo aldiz mugimendu artistiko bateratua da erromatar inperioa desegin zenetik. Hau batzen dituena kristautasuna da.  Arte erromanikoak izaera erlijiosoa du eta eraikuntza hauek elizaren beharrak asetzen ditu, eta Europan hedatzeko zenbait faktore eman ziren: Klunitarren ordena, Batasun liturgikoa eta Erromesaldia eta gurutzadak.

Alde batetik,  Clunyko ordena eta bere monasterioak eraiki ziren Europa osoan eta horrela gauzatu zen Kristautasunaren Batasun liturgikoa. Bazter oro zabaldu ziren monasterio hauek eta, ordenaren boterea izugarri handitu ez ezik, biziro azkartu zen ezagutzen transmisioa. Oro har, ikusgarriro hazi ziren fraide-ordenak garai hartan eta ikaragarria izan zen ordena haiek Goi Erdi Aroko gizartean izan zuten eragina. Latifundio handien jabe bilakatu ziren monasterioak eta, horrez gainera, garai hartako ekoizpen-gune bakarrak izan ziren praktikan. Haien lantegietan egiten ziren liburuak, kontsumo-gaiak, artelanak eta beste produktu batzuk. Fraide-taldeak izango ziren, halaber, eraiki beharreko elizetako lanen gidari eta zuzendariak. Erromanikoa monasterio-artea dela esan genezake.

Bestetik, Erromesaldiak izan ziren aglutinazio-faktoreak, eta guztien artean Donejakue Bidea. Eragin handia izan zuen ideia, teknika eta, areago, arte-taldeen garapenean eta aurrerapenen trukean, harginen koadrilen bidez. Bestalde, Europa erreinu eta feudo txikitan horren zatitua zegoenez, ezaugarri nagusiez gainera tokian tokiko ñabardurak eta joerak azalduko zituzten eraikin erromanikoek.

Kontuan hartu behar da garai honetan Santiagoko bidea edo Donejakue bideari esker arte erromanikoa Europan zehar hedatzen lagundu zuela. Konpostelako Santiagora iristeko lau bide desberdin zeuden eta herrialde desberdinetatik erromesak joaten ziren.

3-ARKITEKTURA ERROMANIKOAREN EZAUGARRIAK

1) Aurreko estiloetako elementuak aurkitzen dira. Eraikuntza esperientzia erromanikoa aurreak jaso zituen, halaber, Erromako, Bizantzioko eta islameko eragina.

2) Material aldetik harria izaten da. Harlanduzko murruak dira nagusi.

3) Euskarrien artean zutabea eta pilareak erabiltzen dira. Gainera erromanikoa aurrera doan heinean pilare kruziformeak eta pilare konposatuak erabiliko dituzte.

4) Erdi puntuko arkuak askotan erabiltzen dira eta askotan txaranbelduak izaten dira arkiboltekin. Arku fajoiak gangaren barrualdean.

5) Metrika eta neurri zehatzei garrantzi handia ematen diete.

6) Oinplanoa: ikus liburuan 106.orria.

- Gurutze-latindarrekoa. Hiru nabeekin, erdikoa goratuagoa .

-Transeptua ageri du. Erdiko nabea eta transeptua elkartzen diren gunea: gurutzadura.

- Burualdean abside erdizirkularra agertzen da. Honen bueltan girola edo deanbulatorioa.

-Basilikala ere ematen da.

7) Altueran hiru maila ikus daitezke:

1.maila: arkuteria

2.maila: tribuna edo galeria =triforioa (batzuetan itxurazkoa)

3.maila: klaristorioa edo baoen gunea

8) Kanpotik monumentala izaten da.

9) Normalean nabe nagusia kanoi-gangaz estaltzen da eta albokoak ertz-gangaz.

10) Baoak estu edo txikiak ageri dira (turuta itxurakoak) eta bertatik ez da argi asko sartzen. Iluntasuna eta argi gutxi.

11) Barrualdean, espazioa fokalizatua nabarmentzen da, aldare nagusirantz zuzentzen duena.

12) Kanpoaldean bolumetria oso markatuta, horizontala nagusiki, dorreengatik bakarrik apurtua.

13) Portadak edo sarrerak oso monumentalak eta dekoratuak dira erromanikoa aurrera doan heinean.

14)Arkitektura erromanikoan egindako eraikuntzak tenplu eta monasterioak dira. Monasterioen ezaugarri nagusia berriz klaustroa izaten da.

4-ARKITEKTURA ERROMANIKOA EUROPAN

Eskola desberdinak sortu ziren. Eskualde bakoitzeko tradizio arkitektonikoak eta eraikuntza ordaintzen zuten komunitateen baliabide ekonomikoek izan zuten eragina eskola hauetan.

4.1) FRANTZIA (108,109,110 orrialdeetan)

– Eraikuntza erromaniko ugari dago eta eskualdeka desberdintasun handiak.

– Borgoinan Cluny-ko abadia edo monasterio benediktinarra da aipagarrienetakoa.

Hemendik aurrera monasterio klunitar guztiak horrela antolatuko dira.

– Beste eraikuntza aipagarriak: Vezelayko Sainte Madeleine eliza, Autungo Saint Lazare, Poitiersko Notre Dame, Angulemako katedrala, Perigueuxko Saint Front, Tolosako Saint Sernin, Conques-eko Sainte Foy, Caen-go Saint Etienne, Mont Saint Michel-eko abadia-eliza..

4.2) ITALIA (111,112 orrialdeetan)

- Italiako iparraldean (Lonbardia), erdialdean (Toskana eta Umbria) eta hegoaldean (Sizilia); baita Venezian ere.

- Toskana inguruko ezaugarri aipagarria da kanpoaldeari ematen dioten garrantzia:

honetarako erromatarrek erabilitako teknikak berreskuratuko dituztelarik, adibidez fatxadaren marmolezko estaldura, eta sabaia ateburuduna. Pisako multzoa, Florentziako San Miniato al Monteko eliza eta Florentziako bataiategia eta katedrala aipa daitezke.

- Lonbardian kanpoko murruetan zerrenda bertikalak eta arku itsuen eta arku-galerien erabilera hedatu zen. Hargin lonbardiarren eraikuntza teknika hauek eragina izan zuten Kataluniako arkitektura erromanikoan ere.

-Venezian eragina bizantziarra da nagusi espazio kontzepzio berezian eta urre koloreko mosaiko aberatsetan (San Markos basilika).

4.3) INGALATERRA (113.orrialdean)

Normandiarren ereduak katedraletara zabaldu ziren. Durham-eko katedrala.

4.4) ALEMANIA (113.orrialdean)

Elementu konkretu batzuek bereizten dute erromanikoa: transeptu bikoitza eta haien besoen ertzetan goratzen den dorre bana, gurutzaduraren gaineko bi domo desberdinak, baita murru eta dorreak errematatzeko arku sailak eta arku itsuak ere. Adibideen artean Worms-eko katedrala aurkitzen da.

4.5) ESPAINIA

- XI eta XII mendeetan zehar hedatu zen Arte Erromanikoa Penintsulako iparralde kristauan. Hegoaldean, berriz, musulmanen kultura zen nagusi.

- Santiago bideak hartu zuen garrantziari esker sartu eta eratu ahal izan zen erromanikoa Penintsulan.

- Ekarpen klunitarrez gain, bisigodoen, mozarabiarren, asturiarren eta karolinjioen tradizioak batu ziren eta, honen ondorioz, nortasun handiko artea sortu zuten.

- Kataluniako erromanikoa XI mendean garatu zen. Ezaugarrien artean banda bertikalak eta arku txikiekin egindako apaindurak dira aipagarri. Adibide garrantzitsuena Roda-ko Sant Pere eta Ripoll-eko Andre Maria monasterioak dira nagusi. Mendialdeko eliza txikietan Tahull-eko Sant Climent eta Andre Maria dira aipagarri.

- Santiago bideari esker beste hainbat adibide daude penintsula iparraldean. Horien artean Nafarroako Leireko kripta; Aragoiko Jacako katedrala eta San Juan de la Peña; eta Gaztelako Santo Domingo de Silos eta San Martin de Fromista; eta Leongo San Isidoro eliza eta Zamorako katedrala.

- 1075ean eraikitako Konpostelako Donejaue katedrala oso eraikuntza garrantzitsua da. Erromesaldirako eliza honek tamaina itzela du bere baitan fededun ugari hartu ahal izateko.

4.6)  EUSKAL HERRIA

- XII. mendean, Fromista-ko eta San Isidoro-ko ereduan oinarrituriko erromanikoa hedatu zen. Garai honetakoak dira Zangozako Andre Mariaren eliza, Lizarrako San Migel eta San Pedro de la Rua-ko elizak, baita Eunateko eta Torres del Rioko eliza bitxiak ere, oin oktogonalekoak biak.



ARTE PLASTIKOAK: ESKULTURA ETA PINTURA
 
Ezaugarri nagusia zera da, arte plastikoek duten arkitekturarekiko mendekotasuna. Eskulturak eraikinen zati garrantzitsuenak nabarmentzeko erabiltzen ziren: portada eta klaustroetako arkupeetako kapiteletan kokatu ohi ziren. Fresko-pinturak, berriz, tenplu barruko murru hutsak dekoratzeko erabiltzen zituzten, absideak dekoratzeko batik bat.
 
Gaiak erlijiosoak ziren beti eta bai eskulturak bai pinturak ere funtsezko xede bat zuten: irakastea. Garai hartako portadetan behin eta berriz errepikatzen dira irudi biblikoak, bereziki Apokalipsiari dagozkionak, eta absideetako pinturetan Kristo, Ama Birjina, apostoluak, aingeruak eta ebanjelariak ageri ohi dira.
 

]ESKULTURA oinarri-oinarrizkoak dira arte erromanikoan. Oro har, eskulturak arkitektura-espazioaren menpe daude, hau da, kapiteletan eta elizen portadetan ageri dira batik bat. Horrexegatik, hain zuzen ere irudiak bihurriturik daude erabat, edo eta hanka guztiz motzak dituzte nahiz eta esku handi,handiak izan, etab.
Toki-eragozpen horiek ez zituzten artistak kikildu, euren ustez arteak xede didaktikoa zuen eta. Garai  hartan herritarrek, analfabetoak baitziren harriaren gainean egindako irudien bidez ikasten zuten doktrina. Gauzak horrela, eliza erromanikoei harrizko biblia ere deitu izan zaie
 
Erliebeen, pinturen eta liburuetako irudien arteko harremana guztiz garbia da, guztietan gaiak eta errepresentazio-formak oso antzekoak baitira.
Naturalismoa eza eta irudikatutakoarekiko lotura-eza Bizantzioko artearen oinordekotza dira ziurrenik. Irudi erromanikoak zurrunak dira erabat, nekez ikus ditzakegu makurtuta edo gutxitan ageri dira burua jiratuta, ez dute talderik osatzen eta eszenak, zenbaitetan, inongo loturarik gabekoak dira. Bestalde, modelatuak beste kultura batzuetako aldi arkaikoak gogorarazten dizkigu: beratasunik gabeko masailak, jarrera hieratikoak, ezer adierazten ez duten aurpegiak, bolumen-eza, irudi lauak, aurrera begira dauden irudiak…
 
Zenbaiten iritziz, ezaugarri horiek edertasun klasikoaz ahaztu den kulturaren ondorio dira. Beste zenbaiten ustez, berriz, nahita egiten zituzten horrelako irudiak, hots, artista erromanikoek deformazioak nahita erabiltzen zituzten, edertasun klasikoa bazterturik, bizipen erlijiosoen izpiritualtasuna aditzera emateko.
Izan ere, benetan ikusten zuten errealitatea albora uzte hori, pertsonen ezaugarri bereziak eta mugitzen diren muskuluak irudikatzeko ardura-eza, izpiritualtasunez betetako plastika erromanikoaren bereizgarri nagusiak dira. Plastika hori ikusizko errealitatearen atzean dagoenaren bila dabiltzan XX mendeko abangoardia batzuen inspirazio-iturri bilakatu da.
 
Eskulturak kokatzeko gogokoen zituzten lekuak portadak izan ziren. Bertako tinpanoetan Pantokratorra ageri ohi da, arkiboltak ere hor daude, mota ugariko irudiz apaindurik, eta ate-zangoetan profeta eta apostoluak ezarrita daude.
Gurutziltzatuak lau iltze ditu, oinak separatuta, eta haren aurpegiak ez du oinazerik adierazten. Batzuetan koroa izaten du buruan eta manta luze batez jantzita dago.
 
        
Ama Birjina haurra besoetan duela, eserita dago eta aurrera begira, haurraren tronua bailitzan. Bi irudien artean, amaren eta haurraren artean, alegia, ez dago inolako komunikaziorik.
Eskultura erromanikoak monumentuak dekoratzeko erabiltzen ziren oro har. Portadak dekoratzeko, esan dugunez, ahalguztiduna edo Pantokratorra erabiltzen zuten, jainkoaren semearen itxura eman ohi ziotelarik. Almendra itxurako zisku baten edo ostarkuaren mandorla baten barruan eserita dago, lau animalia sinbolikoak edo tetramorfos izenekoa inguruan duela, profeta zaharrek ikusi zuten bezala eta San Juanek Apokalipsian deskribatu zuen legez. (Gizonezkoa ( San Mateo ),Idia ( San Lucas ), Lehoia ( San Marcos )Arranoa ( San Juan ).
Bi menderen buruan etengabeko bilakaera izan zuen eskultura erromanikoak. Hasierako garaietan marfilez egindako eta arkitekturan inolako funtziorik ez zuten obren kopiak besterik ez ziren portadak. Garai klasikoan, ostera, XII mendean, irudiak leku zehatz batean, arkitektura-marko jakin batean ezartzeko pentsatzen zituzten. Erromanikoaren bukaeran egindako irudien mugimendu-aberastasunak erakusten digunez, arkitektura-markoaz ahazturik, efektu anekdotikoen bila hasi ziren artistak. Aldaketa alderdi guztietan sumatu daiteke, keinuetan, mugimenduetan, bolumenean, aurpegieran…
Portada erromanikoen artean ikusgarrienetarikoak ondokoak dira besteak beste: Moissac-eko Arkupea, Velzelay-ko Portada eta Arlesko San Profimo                                                                     
]PINTURA
Eskulturan bezalaxe, pinturak ere funtzio didaktikoa zuen. Hori zela eta, helburura ez zen errealitatea irudikatzea, Itun Zaharreko eta Berriko ideiak eta kontzeptuak adieraztea baizik.
Koloreak ez ziren errealistak, formaren eta koloreen beraien eduki sinbolikoaren arabera erabiltzen baitziren hauek. Pintura erromanikoan kolore dirdiratsuak eta garbiak erabiltzen zituzten eta, siluetak nabarmentzeko, kolore-mantxa handiak inguratuz, lerro lodi eta ilun  bat pintatzen zuten. Honetan datza pintura erromanikoaren aberastasuna. Adierazi bezala, irudikatutako motiboek lortzen dute behatzailearen arreta bereganatzea.
Irudiak jarrera paralelotan egoten dira jarrita, bestalde, argi-ezak formen geometria azpimarratzen du. Aurrera begira dauden irudiak gogoko zituzten eta planoa apurtuko zuen forma oro baztertzen zuten. Irudiak bakartuak daude, erromanikoaren bukaera arte ez ziren elkarren artean erlazionatzen hasi.
Kataluniako eliza erromanikoak Erdi Aroko arte erromanikoa aztertzeko interesgarrienetakoak dira, batik bat,Tahull.eko San Clementekoak .Bertako irudien hieratikotasuna eta frontaltasunean nabari da.
GOGORATU
MANDORLA. Forma eliptikoa duen aureola, Kristoren irudia barruan duela aintza sinboloa adierazten du. Agertzen da pinturan zein eskulturan
 
PANTOKRATOR. Kristoren irudia, eserita, eskumako eskua altxatuta eramaten du bedeinkapena ematen balego bezala eta ezkerrekoan ebanjelioak ditu. Grekoz ahalguztiduna esan nahi du hitzak.
TETRAMORFOS. Lau ebanjelarien sinboloak dira: gizona San Mateo, idia San Lucas, arranoa San Juan eta lehoia San Marcos.
 
ERROMANIKOAREN GUTXIENGO EZAUGARRIAK ARTE PLASTIKOAN
 
  1. Arkitekturari dion menpekotasuna: eskultura ( portadak, kapitelak, arkuak ) pintura ( absideetan eta barruko murruetan
  1. Gaia erlijiosoa eta helburu didaktikoa. Adierazpen biblikoak: apokalipsia portadetan. Kristoren gaia, Ama birjina, apostoluak, aingeruak, ebanjelariak… absideetako pinturetan.
Erlijiosoa ez dena ere agertzen da: dekorazio geometrikoa, begetala, animaliak eta munstroak ( ekialdeko eragina
  1. Balore estetikoak. Naturaltasun-eza, sinbolismoa. Proportzio, edertasun eta errealitate irizpide klasikoak  ez dira azaltzen, ez dute formen  perfekzioa bilatzen. Helburua da fededunek barne bizitza eta mezu erlijiosoa barneratzea.
a.        Irudiak deformatu egiten dira. Puztea: gorputzak luzatu, begiak eta eskuak oso handiak, oinak gurutzatu… guzti hori zirrara egiteko.
b.       Marko arkitektonikora egokitu beharrak naturaltasun eza sortzen du
c.        Mundu sinbolikoa sortzen da ( etengabe errepikatu egiten dena eta ezagutu behar dena ondo ulertzeko )
d.       Bizantzio, Erromaniko-aurrea eta Paleokristauaren eragina 
  1. Ez dira erretratuak agertzen, ez dute banan-banako tratamendua jasotzen, forma estereotipatuak dira humanitatea edo jainkotasuna adierazteko. Hori dela eta, figura guztiek dute antza.
                                   
                                                                                             
 
                                                                                                     


 


  


 


   
 



                                                                                                             

 

                                                                                                                                                                                                                   

 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.