martes, 17 de diciembre de 2013

1.SEKTOREAREKIN LOTURIKO TESTU BATEN IRUZKINA EGITEKO GIDOIA

1-SAILKAPENA:
  • Dokumentu mota eta helburua.
  • Iturria.
  • Data.
  • Jasotzailea.
2-ANALISIA:
  • Testuaren gai nagusia.
  • Laburpena.
  • Zure iritzia eman.
Hemen duzue 1.sektorearen inguruko albiste bat:

2013-08-07-BERRIA INFO.

NPB berriaren aldaketak irailean negoziatuko dituzte

Sindikatuek salatu dute Nekazaritza Politika Bateratuaren gaineko akordioa urrats bat dela liberalizaziorantz

Arnaitz Lasarte

Azken bi urteak Europara begira igaro dituzte Euskal Herriko nekazariek eta abeltzainek. Izan ere, lehen sektoreak diru laguntzak beharrezkoak ditu bizirik irauteko, eta Bruselak du diru iturri nagusia. 2014tik 2020ra arteko NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren gaineko akordioa ekainean lortu zuten Europan, eta hura kudeatzea Madrili dagokio orain.

Espainiako Nekazaritza Ministerioa iragan astean bildu zen autonomia erkidegoekin, diru laguntzak emateko irizpideak negoziatzeko. Nafarroako Gobernua pozik azaldu zen Madrilen lehen proposamenarekin; Eusko Jaurlaritzak, berriz, eredu zentralista inposatzea leporatu zion. Sektoreko Euskal Herriko sindikatuek ere ez dute positibotzat jo proposamena. Enba Euskal Nekazarien Batasunak aurreikusi du laguntzak %50 murrizteko arriskua dagoela. EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren ustez, NPB berria merkatura zuzenduta dago, eta liberalizaziorantz beste urrats bat da. Nolanahi ere, zenbait puntu garrantzitsu zehazteko daude oraindik. Iraileko bileretako erabakiek baldintzatuko dute sektorearen etorkizuna.

Beste behin laguntza zuzenen banaketa izango da eztabaida gehien eragingo duena. Nafarroako EHNEko kide Ignacio Gilek onartu du Espainiako Gobernuak NPB aplikatzeko malgutasun handia lortu duela Europarekin. Hala ere, salatu du Madrilek laguntzak banatzeko orain arteko sistemari eutsi nahi diola: Laguntzen banaketa bidegabea dela uste dugu. Batzuei urtero egokitzen zaie loteria nekazari eta abeltzain profesionalen kontura. Banaketa bidezkoa
izateko, nekazari aktiboa kontzeptua zehaztea ezinbestekotzat jo du EHNEk. Hau da, orain arte laguntzak eskatzeko nahikoa izan da lur sail baten jabe izatea. EHNE irizpide hori gogortzearen alde dago. Nekazari aktibotzat hartzea nahi dute, soilik, gutxienez bere diru sarreren %25 lehen sektoreko jardueratik lortzen dituen herritarra. Horrek diru laguntzen balizko hartzaileak murriztuko lituzkeela azaldu du Gilek. Are gehiago, ez luke begi txarrez ikusiko gutxieneko diru sarrera zenbateko %50raino igotzea ere.

Esnearen sektorea, larri

Behin hartzaileak nortzuk izan behar duten erabakita, diru laguntzak hektareaka banatuko dira, oro har. Espainiak, ordea, Bruselatik jasotako diru sailaren %13 beste ekoizpen mota batzuengana bideratuko du. Hau da, hektarea gutxitan ekoizten duten abeltzainengana; behiekin edo ardiekin lan egiten dutenengana, alegia. Hain zuzen ere, esnearen sektoreari etorkizun beltza ikusten diote euskal herriko sindikatuek; esne kuotak 2015ean desagertuko dira, eta ekoizpena arautzeko neurri berriak hartzeko eskatu diete erakundeei.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.